lunes, 15 de abril de 2013

Ce sont les meilleures équipes

Hitz horiekin hasten den ereserkiak Anoetako estadioan geundenon barrenak astindu zituen 2003-2004 denboraldian, eta aurten ere datorren urtean hala izango denaren traza guztia hartzen ari da. Champions Leagueko ereserkiarengatik ari naiz.

Maisuki dabil Reala, asterik aste ikaragarrizko pausoak ematen izarren ligan. Lurtarren ligako lehen postuan, aurrekontu askoz handigoko taldeak ere oinpean ditu talde gipuzkoarrak: Málaga, Valentzia, Sevilla, Athletic...
Atzo txapeldunen erara garaitu zuen Realak Rayo Vallecano. Hiru mila zaleren babesarekin, Payaso Fofó kalean dagoen zelaiko taldea birrindu zuen hamairu minutuan. Hori izan zen hiru puntuak etxera ekartzea ahalbidetuko zituen bi golak sartzeko behar izandako denbora. "On fire" dago aspaldion Imanol Agirretxe. Hortik aurrera minutuak igaro zitezen besterik ez zuen nahi izan talde txuri-urdinak, partida amaitu eta "Asador Donostiarra" ezagunera bazkaltzera joateko. Horrek azaltzen du nagusitasunaren zera.

Gaurkoan testu motza idatzi dut, ezin baita hitzez esplikatu Reala egiten ari dena, ikusita nahikoa da. Atzo ere halaxe egin zuen: veni, vidi, vici.



Jon Ander

@jandelar

lunes, 8 de abril de 2013

Elkarrizketa: Pablo Urtasun


Pablo Urtasun Perez, Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

“Aldaketa handiak eman dira txirrindularitzan, baina ematen du jendea ez dela horien jakitun”

Berak oso preziatutzat jotzen duen etxeko eta familiako giroan hartuko gaitu gaurkoan Euskaltel Euskadiko txirrindulari Pablo Urtasunek. Bere ibilbide profesionalaren inguruan aritzeaz gain, taldearen filosofia berriaren, bere denboraldiko aurreikuspenei eta gaur egungo txirrindularitzaz duen ikuspegi pertsonala eskaini digu nafarrak.Txirrindularitzari buruz duen ikuspegia emateaz gain, txirrindularitza kirol garbia eta asko aldatu dena azpimarratu nahi izan du, betiere tonu oso alai batean.



Bizikletatik bizitzea lortu badu ere, hasiera batean ez zuen hainbesterako bide luzea egingo zuenik espero. Irabaztea gogoko bazuen ere, gaztetan kirol hau ongi pasatzeko modua iruditzen zaio. Frantziako Tour-ak txirrindulariak behar ditu, txirrindulariak bizikleta. Nafarraren bizikletak Frantziako etaparen batean gainontzeko bizikletak garaitzea espero ditu, urdiaindarrei  suziria beste behin botatzeko aukera emanez.  Esperantzaren bizikleta da Urtasunena urdiaindarrentzat, eta bai bizikleta azkarra.

Nolakoa da txirrindularitza ikuspegitik Pablo Urtasun? Eta pertsona bezala?
Alde batetik, esprinterra esaten badidate ere, nik uste dut esprinter peto-petoa ez naizela. Potentea, grinatsua eta batez ere lehiakorra eta burugogorra. Bestalde, oso pertsona lasai bezala daukat nire burua, burugogorra eta etxean egotea oso gustuko duena.

Lance Armstrong eta doping-a.
Ez zait horrelako gauzez hitz egitea gustatzen. Duela hamar urteko gauzak dira eta beste txirrindularitza bat zegoen  eta garai horietan egindakoa juzgatzea ez dut gustuko. Ematen du txirrindularitza ez dela aldatu baina egindako aldaketak oso nabariak dira. Txirrindularitza positiboen koefiziente baxuenetarikoa duen kiroletariko bat da, 7000 kontroletatik batek ematen du positibo.

“Pinganillorik gabe talde lana eta taktikak galdu eginen lirateke, hala ere, nire aburuz,  ez doa tradizioaren aurka”



Nola gogoratzen dituzu zure hastapenak?
Oso gazte nintzela hasi nintzen mundu honetan, zazpi urte nituelarik. Anaia ere ibili ohi zen txirrindularen gainean, eta haren pausuei segika hasi nuen nire bidea. Lehenengo urte guztiak zonaldeko talde batean egin nituen, hasiera batean ez nuen txirrindularitza lehiaketa bezala hartzen.

CSC talde indartsuan probetan ibili zinen.
Afizionatu mailan lau urte eman nituen, eta azken urtean CSC-rekin proba bate egiteko parada izan nuen, nahiz eta argi utzi zidaten zaila izango zela hurrengo denboraldirako kontratua lortzea. Hiru lasterketatan parte hartu nuen beraiekin, eta kontratua lortu ez nuenean Caja Rural-era bueltatzea erabaki nuen.

Nola gogoratzen duzu profesionaletara jauzia?
Caja Ruralek nolabait esateko Kaiku talde profesionalaren harrobi moduan lan egiten hasi zen. Babesle eta egitura desberdina baziren ere Caja Ruralek sortu zuen Kaiku talde profesionalaren ideia, eta beraiek bilatu zituzten bai babesle bai beharrezko guztia. Portugaldik zenbait txirrindulari ekarri zituzten eta Caja Ruraletik lau edo bost txirrindularik egin genuen jauzia Kaiku-ra. Jorge Azanza, Oroz, Larrinaga eta nik sinatu genuen talde berriarekin kontratua ondo gogoratzen badut.

Garaipenetatik bat aukeratu beharko bazenu?
Profesionaletako lehen garaipenak oso politak eta garrantzitsuak dira txirrindulari guztiontzako, nolabaiteko prestigioa edo izena sortzen hasten zara eta. Baina bat aukeratu beharko banu, joan zen urtean Britainia Handiko itzulian lortutakoa izanen litzateke. Samuel Sanchezek niretzat lan egingo zuela aipatu zidan, bere ustez nik irabazteko aukera gehiago bainituen. Talde itxura eta garaipena oso polita izan zen.


“Krisiak maila baxuagoko txirrindulariak sortuko ditu, kirol honen ikusgarritasun maila jaitsiz”



Krisiaren eragina txirrindularitzan.
Izugarrizkoa. Talde asko eta lasterketa asko desagertu dira. Talde horiek desagertzeak etorkizunean txirrindulari gutxiago sortzea ekarriko du. Ekoizpen baxu horrek eragina izanen du etorkizuneko txirrindularitzan. Jende gutxiagok izango dut aukera goi mailetara iristeko beraz, lehiakortasunak bera eginen du txirrindularien mailarekin batere. Krisiak maila baxuagoko txirrindulariak sortuko ditu, kirol honen ikusgarritasun maila jaitsiz.

Aurtengo kanpotarren fitxaketek taldearen filosofian eragin dute?
Txirrindularitzaren gaur egungo egoera ikusita, lasterketa handietan parte hartzeko beharrezkoa zitzaizkigun fitxaketak, euskaldunok lortutako emaitzekin ez genuen ProTour talde izateko adina puntu lortu. Ezarri duten puntuaketa sistemarekin ez nago oso ados, baina entzun dudanez aurten ere aldaketak egonen dira eta Europako lasterketei puntuazio altuagoa emango omen zaie, Asia eta Afrikako zenbait itzuliren kaltetan.

Taldekide berriekin komunikatzeko zailtasunik sortu al dira?
Nahiko ongi ulertzen garela pentsatzen dut. Errusiarek Italian urte mordoa eman dituzte, beraz Italieraz komunikatzen dira gurekin, gaztelaniarekin antzekotasuna baitu. Alemanekin eta Esloveniarrarekin ordea ingelesez egiten dugu. Agian, arazo gehiago ditugu Marokoko txirrindulariekin. Berak frantsesa menperatzen duela esaten du, baina taldekide frantsesek ez dute uste hain ongi menperatzen duenik beraien hizkuntza. Hala ere, pixkanaka hobeto konpontzen hasi gara.

Txirrindulari bat.
Ikusi dudan profesionalik handiena Samuel Sanchez taldekidea da. Berak azken urtea hauetan progresio izugarria izan du, alor guztietan hobetzea lortu du, jaitsieretan bereziki maisu bilakatuz. Bere aurre pausu hori, egin duen lanean eta bere gorputza zaintzeri ematen dio garrantzian oinarritzen da. Momentu oro badaki zer jar behar duen, badaki noiz eta nola deskantsatu behar duen. Ezagutzen dudan profesionalik handiena da.

Nola antolatzen dituzu entrenamenduak?
Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta ni ibili ohi gara batera, sakandarrak gara eta hirurak. Batera ibiltze bagara ere, bakoitzak bere entrenamendu plan espezifiko zehatza jarrraitu behar du. Taldeak prestatzaile bat du, eta horrek igortzen dizkigu txirrindulari bakoitzari entrenamendu txostena. Txosten horretan, egin beharreko distantziak, intentsitatea, ordu kopurua, serie kopurua, igoera kopuruak zehaztuak daude. Neguan zonalde beroagoetara jotzen dugu, gure lurraldeko eguraldia ez baita aproposa  prestaketa bat gauzatzeko. Gimnasioa ere gutxitan zapaldu ohi dugu, denboraldi hasieran erritmoa hartzeko agian.

Hiru itzuli handietatik zein duzu gustukoena?
Giroa aurten eginen dut lehenengo aldiz. Frantziako Tour-a eta Espainiako itzulian ibili izan nahiz azken urteotan behin edo behin. Espainiako itzulia erosoagoa da ostatu hartze eta bidaietaz aparte, lasterketan dagoen tentsioa ez da hainbesterakoa. Baina, Frantziako Tour-a munduko lasterketa garrantzitsuena da. Bertan egindako edozer gauzak munduari bira ematen dio. Oso zaila da han emaitza onak lortzea, erorketa eta tentsio asko baitago, etapen gogortasuna itzela delako. Tour-ean gustatuko litzaidake etapa bat irabaztea, Flandes eta Belgikako harbideak ez baititut gustuko. Arrisku handiko lasterketak dira eta denboraldia izorratu dezakezu.

Txirrindularitza positiboen koefiziente baxuenetarikoa duen kiroletariko bat da, 7000 kontroletatik batek ematen du positibo"



Zure aurtengo denboraldiaren nondik norakoak.
 Frantzian bost eguneko bi itzuli egin nituen lehenik eta behin. Ondoren, Almeria eta Murtziako egun bakarreko lasterketetan parte hartu nuen. Asteburu honetan Lizarra eta Errioxan aritu nahiz eta orain Amorebietara noa Udaberriko klasikoa lehiatzera. Ondoren Samuel Sanchezekin ibiliko nahiz Giroan, esperantza eta ilusio handia du taldeak podio bat lortzearekin, eta Italian ikusten dugunaren arabera ikusiko dut zer egin. Agian luzatu egingo dut nire egoera eta Dauphinen parte hartuko dut edo deskantsatu eta Tour-ean parte hartu. Hala ere, esan behar dut ez dagoela ezer zehaztua Giroa eta gero.

Pinganilloa txirrindularitzaren tradizioaren aurka doala esaten dutenei emango zenien erantzuna.
Pinganillorik gabe entrenatzailearen papera asko jaisten da, eta talde baten barnean pertsona garrantzitsuena da. Segurtasunarentzat eta estrategiarentzat oso baliagarria den elementua da. Jendeak esan ohi du espektakuloa murrizten duela, txirrindularia kotxetik eramaten dutela esanez. Pinganillorik gabe talde lana eta taktikak galdu eginen lirateke, hala ere, nire aburuz,  ez doa tradizioaren aurka. Eboluzio baten parte da, ez gehiago ez gutxiago.

Zaila egiten zaizu txirrindularitza familiarekin uztartzea?
Nik, bereziki, etxetik urrun egotea gaizki eramaten dut. Familia giroan eta etxe giroan egoten den pertsona naiz, eta hiru asteko itzulietan gaizki pasatzen dut emaztea eta semea ikusi gabe. Zortea daukagu gaur egungo aurrerapen teknologikoek kontaktua errazago mantendu dezakegula . Adibidez, nik Skype programa erabili ohi dut familia ikusi ahal izateko. Egunero saiatzen nahiz familiarekin kontaktua mantentzen eta asko pozten nau etxetik urrun hainbeste denbora ematen dudanean. Familia gertuko lasterketetara mugitzen da, eta Tour-era ere joan izan dira.

UCI-k egiten duen txirrindularien gaineko kontrola.
Adams sistema erabili ohi dugu. Sistema honetan txirrindulari bakoitza egunero zehaztu behar dio UCI-ri ordu oso batean non egongo den. Nik adibidez, goizeko 7;00-8:00 du hartua ordua, eta kontrol bat pasatzera etorri daitezke nire etxera. Oporretan nagoela soilik lekua aldatu behar izaten dut, interneten sartu eta oporretan nagoen hotela ezarri eta listo. Gauzak asko aldatu dira baina Armstrong juzgatzeko moduak ez. Aldaketa handiak eman dira txirrindularitzan, baina ematen du jendea ez dela horien jakitun.


Etxeko esprinterra
Pablo Urtasun 32 urteko txirrindulari urdiaindarra da, Euskaltel- Euskadi talde profesionalekoa zehazki. Berak adierazi duen bezala ez da goi mailako txirrindularia, bere helburua taldeari laguntzea izaten delarik, noizbehinka etaparen bat irabazteko aukera sortzen zaiolarik. Zenbait garaipen  ditu profesionaletan, eta esanguratsuenak Errioxako itzulian eta Britainia Handia lorturiko etapak izanen lirateke. 

Tour-ean eta Espainiako itzulian lehiatu ondoren aurtengo denboraldia Giroan bere lider izango den Samuel Sanchez-i laguntzera zuzendu du, etaparen bat lehiatzeko aukera espero duelarik.  Euskal zale askok esprinter papera ezarri badiote ere, berak ez du bere burua horrela ikusten. Lehiakorra eta burugogorra izateaz gain potentea ere bada, baina esprinterra soilik etxera itzultzeko orduan dugu nafarra. Asko bota ohi ditu faltan etxekoak, eta etxera itzultzeko irrikatan egon ohi da lasterketen ondoren.  

Oso gazte bazen ere txirrindularitzan murgildu zenean, bere etorkizuneko planak txirrindularitzaren urte asko jarraitzea dira, betiere bere familiarekin egotea ahalbidetzen dion bitartean. Euskaltel-Euskadiko esprinterra agian ez, baina etxeko esprinterra bada urdiaindarra.

Iñaki Berastegi