viernes, 22 de marzo de 2013

Etorkizuneko selekzioa



Aste honetan munduko selekzio guztiak 2014ko Munduko txapelketara sailkatzeko partidak jokatuko dituzte. Gaur egun,  faborito nagusiak España, Brasil, Argentina, Alemania eta Italia izan daitezke, baina azken aldian beste selekzio bat indarra hartzen ari da, Belgikakoa hain zuzen ere.

Belgikako selekzioa historikoki ez da indartsuenetarikoa izan. Beraien lorpen garrantzitsuena 1920ko Joko Olinpikoetan datza, Amberesen (Belgikan) ospatu ziren eta urrezko domina lortu zuten. Hamaika aldiz hartu dute parte Munduko txapelketan eta beraien posturik onena 1986ean Mexikon ospatu zen txapelketan lortu zuten. Bertan 4. postuan amaitu zuten, final erdietan Maradonaren Argentinaren aurka galdu eta gero. 1972an belgikarrek Europako txapelketa antolatu zuten eta beraien emaitzarik hoberena lortu zuten 3. postuan amaituz eta besteak beste, Italia eta Portugaleko selekzioak kanporatuz. Gainera, azken urte hauetan ez ziren 2010eko Munduko txapelketara eta 2012ko Europako txapelketara sailkatu. Hau ikusita arraroa dirudi 2014ko Munduko txapelketan itxura ona ematea, baina talde oso ona eta gaztea daukate. Esaterako, Mundialera sailkatzeko multzoan lehen postuan daude 10 punturekin, Kroaziarekin berdinduta.

Taldeko jokalariak aztertzen baditugu, orainaldi eta etorkizuneko jokalari oso garrantzitsuak daudela ohartuko gara. Atezain lanetan, Atletico de Madriden jokatzen duen Thibaut Courtois dago. 20 urteko atezaina ezinbestekoa da "Cholo" Simeoneren hamaikakoetan eta aurtengo denboraldian Zamora Saria irabazteko hautagai nagusiena da, 22 gol besterik ez baititu jaso 27 partidutan, hau da, 0.81eko koefizientea dauka. Atzealdean, jokalari gazte baina esperientziadunak dituzte, adbidez, Manchester Cityko Vincent Kompany, Arsenaleko Thomas Vermaelen edota Tottenhameko Jan Vertonghen. Honez gain, Bayern Municheko Van Buyten eta Ajaxeko Alderweireld gaztea ere deialdian ikusi ohi ditugu. Erdilarietan ere kalitate handiko jokalariak daude. Zeniteko Witsel, Oportoko Defour, Tottenhameko Dembele, Evertoneko Fellaini, eta talde honetako izar nagusiena, Chelseako Eden Hazard. Hauez gain, Kevin De Bruyne eta Mertens ere oso jokalari garrantzitsuak dira selekzio honetan. Golak sartzea aurrelarien kontuak dira, baina talde honetako erdilariak ere oso adituak dira lan horretan. Dagoeneko, Fellainik eta Hazardek 11 eta 8 gol sartu dituzte Ingalaterrako ligan. Hala ere, lan hori bi gazteren esku dago, Aston Villako Benteke eta West Bromwicheko Lukaku dira talde gazte eta indartsu honetako aurrelari nagusiak. Bakoitzak 13 gol sartu ditu oraingoz Premier Leaguean. Hemen aipatu ditugun jokalarien bataz besteko adina 24 urtekoa besterik ez da eta , gainera, Van Buytenek 35 urte dituela kontuan hartu beharra dago.

Hau guztia ikusita, talde gazte honek sekulako etorkizuna daukala esan dezakegu. Hain gazteak direnez esperientzia falta zaie txapelketa hauetan, baina daukaten kalitatearekin edozeini garaitzeko gai dira. 2014ean ikusiko dugu noraino heldu daiteken Belgikako selekzioa.


Jon Gaztelumendi

No hay comentarios:

Publicar un comentario