jueves, 7 de marzo de 2013

Radiografia: Carlos Martínez, Lodosako expresoa

Altua, iharra, txima luzeduna eta halamoduzko ibilkera daramana. Joey Ramone izan zitekeen, baina Carlos Martínez da, Realeko jokalaria.

Aspaldian albiste bilakatu da eskuin hegalean jokatzen duen atzelaria, 2007ko abuztuan Realarekin debuta egin zuenetik unerik gozoenean baitago nafarra. Montanierren eskeman ukiezina egun, atzean gelditu dira Estradaren itzalpean partidak aulkitik ikusten zituen egunak. Inor ez da harritzen gainera, maila altua erakusten ari baita. Korrikalari nekaezina, 90 minutuz alboko marrari itsatsita gora eta behera ibiltzeko gai da, baloi gurutzatu guztiengatik borroka egiten du eta erasoko jokaldietan parte-hartze handiagoa du egunetik egunera. Erdiraketetan ere (Anoetako publikoak hainbat kritika egin dizkion arlo horretan) fin dabil bolada honetan, eta hori gutxi balitz, asistentziak ematen eta golegile moduan ere aurkeztu zaigu berriki. Ez harritu aurki Del Bosquek deitzen badio.

Maila horrek hainbat talderen jomugan jarri du "Lodosako expresoa". Besteak beste, Premier mailako talde pare bateko teknikariak izan omen dira azken partidetan Amarako koliseoan jokalariaren pausoei jarraika. Alta, nafarrak ez du zalantzarik egin eta hamahiru urte zituenetik etxetzat duen Realean jarraitzea erabaki du 2018. urterarte kontratua berrituz, harrobiko beste harribitxi batekin, orain gutxi berritutako Asier Illarramendirekin kontraturik luzeena duen taldekide izatera pasatuz.

Goruntz doa Reala, goruntz doa Charly. Denboraldia amaitzeko dozena bat jardunaldi falta diren honetan Europako atean ondo kokatua dago talde txuri-urdina eta giltza bakarrik falta zaio ate hori zeharkatzeko. Eskura dute giltza Martínez eta bere taldekideek, eta ziur egon oraingo mailan jarraitzen badute atea bera bakarrik irekiko dela.

Jon Ander

@jandelar

No hay comentarios:

Publicar un comentario