miércoles, 13 de marzo de 2013

Izaera pixkanaka berreskuratzen


Aurtengo denboraldian hasiera-hasieratik talde donostiarra arazo ezberdinetan murgilduta aurkitu da. Bere bi izar nagusiak taldetik joan ziren, Andy Panko Greziako Panathinaikos taldera eta Sergi Vidal Unicajara, biak Euroleague jokatzeko nahiarekin.  Hala ere, Eurocup txapelketa jokatzeak taldeari erraztasunak ematen zizkion fitxaketak egiteko orduan, baina bat-batean, inork espero ez zuenean, Diputazioak GBC-ri eman beharreko diru laguntza murriztu zuen. Gertatutakoarekin nire iritzia daukat. Ongi iruditzen zait diru publikorik ez banatzea kirol taldeei, baina behin adostuta dagoenean kantitate bat ematea, ez zait egokia iruditzen ia diru guztia kolpez kentzea. Ondorioz, Eurocup txapelketa jokatzeari uko egin zion taldeak eta dirua beste modu batera lortzera behartuta egon zen, esaterako, Jimmy Baron saskiratzailea saltzera behartuta ikusi zen.

Arazo guztien ondorioz, denboraldiaren hasiera askok espero genuenaren antzera hasi zen. Nahiz eta Woods, Ibekwe eta Koroleven mailako jokalariak fitxatu, taldeak lehen 17 partiduetatik 3 besterik ez zituen irabazi. Hau ikusita, taldeak aldaketa batzuk egitea erabaki zuen. Lehen aipatutako Korolevekin batera Kuksiksek ere taldea utzi zuen, eta hauen ordez Ivan Paunic eta Morris Finley etorri ziren. Bi jokalari hauek sekulako pizgarriak izan dira taldearen itxura aldaketan. Amerikarrak azken bost partiduetan batez beste, 17.8 puntu sartu ditu eta 21.5eko balorazioa lortu du (jardunaldi batean MVPea ere izan zen). Woods eta Doblasek ere zerikusia eduki dute berpizte honetan, beraien jokoa asko hazi baita azken asteetan. Orain Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak erreferentziak ditu bai kanpoaldetik (Salgado, Finley eta Woods) eta baita barnetik ere (Woods eta Doblas). Beti esan ohi den bezala, alderaketak gorrotagarriak izaten dira, baina Woods, Paunic eta Finleyek, Panko, Vidal eta Baronen lana betetzen dutela esan genezake.

Gaur egun, salbazioa geroz eta gertuago ikusten dugu zaleok azken bi jardunaldietan Manresa eta Fuenlabradren aurka lortutako garaipenei esker, gainera bi taldeekin basket-averagea alde dauka orain. Garaipen batera besterik ez dago salbazioa, baino hau baino garrantzitsuagoa da ematen ari diren itxura, orain talde sendo bat dirudielako. Horrela jarraituz gero, helburua lortuko delakoan nago.


No hay comentarios:

Publicar un comentario