lunes, 11 de marzo de 2013

Hil ala biziko partidua Baskoniarentzat

Atzo 92-100 Real Madrideren aurka partidu ikusgarri baina oso gogor batean galdu eta gero, ostegun honetan Baskoniak denboraldiko partidurik erabakigarriena izango du Fenerbache Ulker talde turkiarraren aurka. Aste honetan jokatuko den partiduaren arabera, Baskoniak Euroligako hurrengo errondara pasatzeko aukerak mantendu ala galduko ditu, Maccabi eta Olympiacos aurretik baititu oraintxe bertan talde gasteiztarrak.

Aurrean, Fenerbache Ulker, matematikoki ia kanporatuta dagoena 2-8 erregistro batekin, baina aldi berean sekulako taldea duena, Europan dauden izar askorekin, hala nola, Bo MacCalebb, Romain Sato edo Mike Batiste. Hala ere, Turkiako milioiak talde bat eratzeko nahikoak izan ez direla dirudi, gutxienez denboraldi honetan,  Fenerbahce ia kanporatuta baitago eta Besiktas Top 16ko partidu denak galdu baititu.

Partidua irabazteko, Baskoniak azkeneko asteetan erakutsitako maila mantendu beharko du, non defentsa ikaragarria erakutsi duen. Defentsa hau bereziki garrantzitsua izango da antolatzaileen kasuan, Fenerbahceko joko osoa Bo MacCalebb-en eskuetatik pasatzen delako. Jokalarien aldetik, Lampe-ren itzulera espero da ostegunerako, atzoko partidua gastroentiritis baten erruz galdu eta gero. Bestalde, Nemanja Bjelica, "Chapu" Nocioni eta Fernando San Emeterioren ekarpena funtsezkoa izango da, bai defentsan errebotea ixteko, bai erasoan, non hirurak oso ondo moldatzen diren indibidualki, batez ere Bjelica, azken astetan sekulako erakustaldiak eman dituena.

Azkenik, Fernando Buesa Arenan sortzen den giroa aprobetxatu beharko du Baskoniak, denboraldi honetan Euroligako sarrerarik onena espero baita.

Sergio Azkarate

@TxejoAz

No hay comentarios:

Publicar un comentario