jueves, 14 de marzo de 2013

Montanier, larritasunetik ametsera


Philippe Montanierren patua futbolarekin lotuta dago, antza. Iraganean, atezain lanetan jardun zuen hainbat futbol taldetan, besteak beste, FC Girondins de Burdeos, Olympique de Marsella eta  Toulouse FCen. Baina 2005. urtean, kirolari profesional izateari uzteko erabakia hartu zuen. Hala ere, ez zuen inongo dibortziorik sinatu "futbolaren unibertsoarekin", 2006an ibilbide berri bat ekin baitzuen, oraingoan, entrenatzaile gisa.

Philippe Montanierrek Frantzian eman zituen ibilbide berriko lehen pausoak. Bertan, Tolouse FCren bigarren entrenatzaile lanetan jardun zuen, Robert Nouzaret gidariaren kopilotua zen. Honen ostean, beste hainbat talde frantsesetan aritu izan da entrenatzaile edota  laguntzaile lanetan. Hala ere, ezin daiteke aipatu gabe utzi US Boulogne taldearen "bolantea" zuenean eginiko miraria. Bost urteren buruan, erregional mailatik Frantziako Lehen Mailara bideratu baitzuen talde frantsesa Montanierrek. 

Frantziako errepideak zeharkatu ostean, Euskal Herrira iritsi zen entrenatzaile frantsesa. 2011-2012 denboraldian Errealeko entrenatzaile bilakatu zen. Ordutik, etengabeko proiekzioa bizi izan du talde gipuzkoarrak. 

Hasiera batean, Errealaren estrategia total irauli zuen Montanierrek,harrobia, fitxaketen aurretik jarri baitzuen. Honela, kritika negatibo askoren diana bilakatu zen, errealzaleak ez baitzeuden sistema berri honetara egokituta. Gipuzkoa ez zegoen "figurak" erosi baino, sortu egiten zituen fabrikaren funtzionamendu iraultzailera ohituta. Betidanik esan izan da Errealak etxeko taldea duela, harribitxiz osaturiko harrobitik sortutakoa. Hala ere, urte batzuk lehenago lorturiko famak ideia tradizional hau jokoz kanpo utzi zuen. 

Futbol talde batzuetan, harrobiko kide izatea,  zulo batean gatibu egotea bezala da. Zulo guztiek dute irteera, baina, batzuetan ezin izaten gara zulotik irten. Honek, inpotentzia sortzen du gure barnean eta honen aurrean, beste irteera bat eraikitzen saiatzen gara, futbolarien kasuan, beste talde batengana bideratuko dituzten irteerak. Hala ere, hau ez da gaurko Errealaren kasua, honen errudun nagusia Philippe Montanier delarik. Entrenatzaile frantsesak eskailerak eraiki zituen zuloan. Orain, Errealeko harrobiak  gertuago ikus dezake irteera eta kasu batzuetan, gatibu izateari utzi edo utziko dioten jokalariak izango dira. Hau da Iñigo Martinez edo Ruben Pardo "Zubietako harribitxien"  kasua. 

Metodo berritzaile honek ez zituen berehalako fruituak eman. Lehen urtean, Errealak zailtasun ugari izan zituen Lehen Mailako futbol talde izaten jarraitzeko. Hala ere, entrenatzaile frantsesak ez zuen pazientzia eta esperantzarik galdu, modu honetan, BBVA Ligako igogailua aurkitu eta egun, bertan darama talde gipuzkoarra, behetik gora, balazta aurkitu ezinean.

Philippe Montanierrek larritasunetik ametsera bideratu du talde gipuzkoarra. Errealitatetik ametsera; edo, hau al da Errealaren errealitatea? Beharbada, aurreko urteetan izandako une txarrak amets gaiztoak izango ziren. Beno, ziurtasunez esan daiteken gauza bakarra, Montanier  "amets errealaren" errudun nagusi dela da.

Iker Oñate

@Iker_Onate

No hay comentarios:

Publicar un comentario